Lehen eguna energiaz beterik hasi genuen atzo Jane’s Addiction taldearekin; gaur ere edonor pozteko moduko egitaraua izan dugu Azkena Rock Festival jaialdian, Queens Of The Stone Age taldearen kontzertu historikoarekin eta rockaren estilo guztietako artistekin. Jende ugari hurbildu da gaur Mendizabalara. Badira, oraindik, sarrerak salgai biharko, larunbaterako.

GAURKO EKITALDIETAKO 10 UNE GOGOANGARRI

Queens Of The Stone Age (Foto: Óscar L. Tejeda)

1. Queens Of The Stone Age

Jende gehienak irrikaz espero zuen unea iritsi da azkenean. ARFren 2005eko eta 2011ko edizioetan kontzertu gogoangarriak eskaini ostean, Josh Homme-ren taldeak erabat limurtu ditu azkenazaleak; argi utzi digute zergatik den une honetako talde handienetako bat.

Arde Bogotá (Foto: Jordi Vidal)

2. Arde Bogotá

Taldekideek aitortu zutenez, Azkenako kontzertuak errespetu handia eragiten zien; erantzuna, ordea, ezin hobea izan da: sekulako kontzertua eskaini dute, ez dezagun ahantz gaur egun Estatuko rock talde goraipatuenetako bat direla.

Lisa & The Lips (Foto: Paco Poyato)

3. Lisa & The Lips

Ez zegoen eguna hasteko modu hoberik: The Bellrays taldeko abeslari izandako Lisa Kekaularen ahots zoragarriarekin eta bere Lisa & The Lips soul taldearekin; Andre Maria Zuriaren plazan piztu dute rockaren sugarra gaur goizean, jaialdiak hiriarekin bat egiten duen lekuan.

L7 (Foto: Óscar L. Tejeda)

4. L7

Kaliforniatik Mendizabala itzuli dira L7 taldeko kideak, itxaronaldi luze baten ondoren; oraingoan, diskorik ezagunena jo dute zuzenean: Bricks Are Heavy ezinbesteko lana. 

Barry Adamson (Foto: ÓScar L. Tejeda)

5. Barry Adamson

Magazine postpunk taldeko kide eta Nick Cave & The Bad Seeds talde mitikoko baxu-jotzaile original izanik, Barry Adamson handiak bere zuzeneko onena ekartzeaz gain, memoria-liburu bat ere ekarri du Mendizabalara: “Por encima de la ciudad, por debajo de las estrellas”, berezkoa duen estilo zinematografikoan idatzitakoa; eta liburuaren aleak sinatzen ere aritu da. 

La Perra BLanco (Foto: Jordi Vidal)

6. La Perra Blanco

2022. urtean Trashville gunean sekulako arrakasta lortu ondoren, Alba Blancok eta bere La Perra Blanco taldeak 50eko hamarkadan inspiratutako rock-festa basatia eskainiko digute.

Redd Kross (Foto: Jordi Vidal)

7. Redd Kross

Kultuzko taldea, publiko leialena hor aritu da lelo itsaskorrak abesten, riff sendoen artean. 

Les Greene (Foto: Paco Poyato)

8. Les Greene

Elvis (2022) filmean Little Richard handiari ahotsa jartzeagatik Grammy sarietarako hautagai izan den artistarekin gozatu ederra hartu du Trashville guneko publikoak, 60ko hamarkadako soul, funk eta R&B doinuekin eta bere ahots liluragarriarekin. 

Txiki ARF (Foto: Paco Poyato)

9. Txiki ARF

Azkenako familiak gustura aritu dira topagune berri honetan, txapa eta plektro (pua) tailerretan, aurpegi-margoketa rockeroak egiten eta kontzertuetan talde garrantzitsuenen abestiak entzuten.

Foto: Paco Poyato

10. Azkena Rock foroa

Azkenako Foroak 20 urte bete ditu, eta urte horietan guztietan jaialdia intentsitate handiz bizitzeko aukera izan dugu, kartelei buruzko iruzkinak egiten, lagun berriak ezagutzen eta milioika post idazten. Forozale ugari bildu dira gaur Trashvillen elkar ezagutzeko edo aspaldiko lagunekin elkartzeko, eta haietakoren batek kontzertua eskaintzeaz gain, Foroari buruzko liburuaren bertsio digitala aurkeztu ere egin du.

Bihar, atsedenik gabe jarraituko du jaialdiak Andre Maria Zuriaren plazan The Pickin’ Boppers taldearekin. Gero, Mendizabalan, Band Of Horses taldeak aurten Europan egingo duen kontzertu bakarra eskainiko digu, eta Sheryl Crow, Mavis Staples, Warren Haynes Band, Lendakaris Muertos, The Pleasure Fuckers edo Pi L.T. ikusteko eta entzuteko aukera izango dugu, goi-mailako artistez betetako edizioari amaiera emateko. Txiki ARF guneko programazioak ere jarraituko du, eta 2025erako bonuak prezio berezian erosteko azken eguna ere izango da, eremuaren barruko info pointean; ez daude beste inon salgai.